Usted está aquí

Tabernak eta jatetxeak: zer kobratu diezazukete eta zer ez

Martes, Marzo 27, 2018

Tabernak eta jatetxeak: zer kobratu diezazukete eta zer ez

 

Kontua eskatu duzu taberna edo jatetxe batean eta, tiketari begiratzean, digestio-etendura izan duzu ia-ia: espero zenuena baino askoz garestiagoa da, edo kontzeptu zentzugabe eta irrigarriak agertzen dira bertan. Zer egin behar duzu? Ordaindu, txintik esan gabe? Edo erreklamatu dezakezu?

Egia da gehiegikeriak egiten direla, eta prezioak ezartzeko orduan, adibidez, askatasun osoa dutela taberna eta jatetxeek. Zuk erabakiko duzu berriro itzuliko zaren gilda bat euskal labeldun idi-txuletoiaren prezioan kobratu dizun lokal batera. Beste gauza bat dira legeak hala ezartzen duelako bete behar dituzten betebeharrak. Autonomia-erkidego batzuetan berariazko araudia dute ostalaritzarako, eta, horri esker, eskubide eta betebehar gehiago ezarri ahal izan dira. Baina, oro har, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko Estatuko erregulazioak zenbait eginbehar ezartzen ditu, eta Espainiako geografiako edozein lekutan eska litezke, batez ere aurretiaz eman behar dizuten informazioaridagokionez.

  • Beti guztizko prezioa. Establezimenduek produktuen guztizko prezioa islatu behar dute euren karta edo zerrendetan, zergak barne. Beraz, salatu egin daiteke baldin eta zerrendaren batean zenbateko bat agertzen bada eta azpian “BEZik gabe” oharra. Era berean, araudiaren kontrakoak dira esamolde abstraktuak, esaterako “merkatuko prezioaren arabera”, mahaikideek ezin izango baitute aurretiaz jakin zenbat ordaindu beharko luketen plater jakin bat dastatzearen truke. Kontsumobidek kanpaina bat egin du Euskal Autonomia Erkidegoan alderdi horiek egiaztatzeko.
  • Gehigarririk egonez gero, kartan edo prezio-zerrendan egon beharko da islatuta, baldin eta kobratu nahi badizute. Horixe gertatzen da, adibidez, hauekin:
    • Ogia. Kasu honetan, eskatu gabe ekartzen badizute, mahaitik kentzeko eska dezakezu.
    • Izotza, kafearekin hartzeko bada. Zekena da? Bai, baina benetan gertatzen da.
    • Txorrotako ura, legez doakoa izan behar duela ezarri ez bada. Andaluzia lege bat egiten dabil bizimodu osasungarria eta elikadura orekatua sustatzeko eta, aurrera egiten badu, ostalaritzako establezimenduek nahitaez eskaini beharko dizkiete bezeroei, dohainik, ura eta edalontziak. Nafarroak ere betebehar horixe sartu du Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Legean (gaur egun parlamentuan dabiltza izapidetzen).
    • Prezioen aldea barranmahaian edo terrazan. Legezkoa da baldin eta kartan adierazten badute digitu eta komekin. Hau da, ezin izango da onartu prezioek ehuneko hainbesteko gehikuntza izango dutela adieraztea; benetako zenbatekoa adierazi behar da.
  • Kargu izugarriak ikusten badituzu, erreklamatu. Facua elkarteak ezagun bihurtu du #BaresParaNoVolver traola, eta hainbat adibide bildu ditu horrela. Gustu (txar) guztietarako gehigarriak daude:
    • Mahai-tresnak. Legez kontrakoa da, ezinbestekoak baitira zerbitzu egokia jasotzeko. Hau da, oihanean zaudela pentsatu gabe jan ahal izateko.
    • Mahaia edo mahai-zapia garbitzea. Gauza bera. Oinarrizko osasungarritasuna da.
    • Aspirina, Gelocatil edo beste sendagai batzuk. Buruko mina arintzeko pilula bat eskatzen baduzu, ezin dizute kobratu. Izan ere, pilula eman ere ezin dizute egin, baimendutako negozio zehatz batzuetan baino ezin baitira eman (esaterako, farmazietan), Sendagaien eta osasun-produktuen bermeei eta erabilera zentzuzkoari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legean ezarrita dagoen bezala.

Gehiegikeria batzuk, ikus daitekeen moduan, entzutetsuak dira. Beste batzuk, hala ere, leunagoak izan daitezke, esaterako arrain zehatz bat iragarri eta beste bat zerbitzatzea, Azti enpresak ikerketa baten ondoren salatu duen bezala. Hori dela eta, kontua ikaragarria izan ez dadin, oinarrizko gomendio hauei jarraitzeko aholkua egin nahi dizugu:

  • Kartan ez bada agertzen plateren baten edo edarien prezioa, galdetu: arazoak saihestuko dituzu.
  • Berrikusi kontua ordaindu baino lehen.

Eta zure eskubideak urratzen badituzte, jarri erreklamazioa.

Kontsumobide idazpuru