Usted está aquí

Kontsumobidek ohartarazi du enpresa batek mugikorrak eta ordenagailuak erosteko dirua aurreratzea eskatu eta ondoren ez dituela entregatzen

Lunes, Febrero 19, 2018

Kontsumobidek ohartarazi du enpresa batek mugikorrak eta ordenagailuak erosteko dirua aurreratzea eskatu eta ondoren ez dituela entregatzen

  • Kontsumoko Euskal Institutuak dozenaka erreklamazio izapidetu ditu azken hilabeteotan eta hainbat zehapen-espediente ireki dizkio enpresari
  • Enpresak diru kopuru bat edo guztizko prezioa aurreratzea eskatzen du eta ondoren ez du eskatutakoa entregatzen

Kontsumobide Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren menpeko erakundeak ohartarazi du enpresa batek bezeroei dirua aurreratzeaeskatzen diela mugikorrak eta ordenagailuak erostea tramitatzeko. Horren ondoren, enpresak ez du kontratua betetzen, ez baitu produktua entregatzen, ezta aurrez ordaindutako diru kopurua itzultzen ere.

Kontsumoko Euskal Institutuak konpainia horren aurkako dozenaka erreklamazioren izapideak egin ditu. Enpresaren jabeak bezeroei mugikorrak (horietako batzuk gama altukoak) edo ordenagailuak bere instalazioetan eskuratzeko aukera ematen die. Eskaeraren izapideak egin ahal izateko dirua aurreratzea eskatzen du eta, kasu batzuetan, prezioaren guztizkoa izan daiteke. Horren ordainetan, enpresaburuak aurreratze hori justifikatzeko faktura ematen die. Horrez gain, produktua jasoko duen gutxi gorabeherako eguna zein den adierazten die. Arazoa adostutako eguna eta artikulua agertzen ez direnean hasten da.

Kontsumobidek pasa den urteko otsailean jaso zuen lehenengo erreklamazioa eta, orduz geroztik, kaltetutako pertsona gehiagoren kexak izapidetu ditu. Lehen unean, jabearekin harremanetan jartzea lortu zuen, eta kaltetutakoei eskatutako diru kopurua itzultzeko akordioa lortu zuen. Hala ere, duela hilabete batzuk enpresak dirua itzultzeari utzi zion.

Lankidetza falta dela eta, institutuak hainbat zehapen-espediente ireki ditu enpresaren aurka. Halaber, Fiskaltzari helarazi dio kasua, horrek iker dezan ea jokabide hori delitu gisa tipifika daitekeen.

Kontsumobidek kontsumitzaileei gomendatu nahi die, produktu edo zerbitzu baten prezioaren zati bat edo guztizkoa ordaindu aurretik, egiazta dezatela enpresa edo profesional hori fidatzekoa den edo nahikoa kaudimen duen. Gainera, gogorarazi duenez, kontratua ez bada betetzen eta beste aldearekin akordiorik lortzeko aukerarik ez badago, erreklamazio bat aurkez daiteke Kontsumobiden, edo dagokion udalerriko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan (KIUBen), edo Auzitegira joateko ahaldunduta dagoen Euskadiko Kontsumitzaileen Batasunaren aurrean